
Haurtzaroko abusu eta tratu txarren prebentzioagatik
Azaroak 19an
68218
2011-12-12
Haurtzaroko tratu txarrak duela urte gutxi arte onarpenik izan ez duten gizarte arazo larri bat dira. 1989an Haurren Eskubideen Konbentzioan onartutako Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorraren arabera, haurren eskubideen zapalkuntza mota guztiak barne biltzen dituen ikuspegi zabal batez ari gara.
Horrenbesteko garrantzidun gaia zorroztasunez xedatzeko, komenigarria da haurtzaroko abusu eta tratu txarrengatik ulertzen duguna ezartzea.
Tratu txarren definizioa: Guraso edo zaindariek, istripua izan gabe, adin gutxiko umean min fisiko edo gaixotasunak eragin dituzten ekintzak.
1997/1998 bitartean Espainian aurkitutako prebalentziaren arabera, adin gutxiko 10.000 umetik 7,16-ak tratu txarrak jaso zituen. Autonomia Erkidego guztietatik, Ceuta eta Melilla gailentzen dira 10.000 umetik 12,92 eta 15,19 prebalentziarekin hurrenez hurren. Madril eta Euskal Autonomia Erkidegoak, aldiz prebalentziarik baxuenak dituzte, 10.000 adin gutxikotik 5 baino zertxobait gehiagorekin (Tratu Txarren Txostena. España (1997/1998) Reina Sofia Zentroa).
Abusu sexualaren definizioa: Heldu batek, estimulazio edo gratifikazio sexuala eskuratzeko bitartekari gisa, adin gutxiko baten erabilpena suposatzen duen edozein portaera. Vouyeurismo, exhibizionismo, ukipen eta sarketa barne biltzen ditu. Baita, familiako kide batek adin gutxikoa prostituziora bultzatzea, harreman sexuala hirugarren pertsona batekin ematen bada ere. (PrevInfad. 2005).
Espainiako neskatoen %23k eta mutikoen %15ek era bateko edo besteko abusu sexualen bat jasaten dute gaur egun. Datuok Félix López Sánchez irakasleak, Salamancako Unibertsitateko Sexualitatearen Psikologiako katedradunak, egindako estatistiken ondorioak dira, eta argi eta garbi adierazten digute zein tamainakoa den askotan ezkutatzen den arazoaren benetako egoera.
Estatuko gainontzeko autonomi erkidegoetan aplikagarriak diren datuoi, egoera larritzen duten datu berri bat erantsi behar zaie, izan ere, adin gutxiko hauen %60ak ez baitu inolako laguntzarik jasotzen.
Funtsean, bi arrazoi dira egoera horren eragile. Alde batetik, tratamendurako baliabide publiko zein pribatuen eskasia. Bestalde, abusu sexuala eta tratu txarrak inguratzen dituzten isiltasuna, egun, oraindik ere, gizarte mailan aitor ezin daitekeen tabu gisa bizi direnak, biktima, etsipenik sakonenean murgilduz eta sarri askotan, erru eta beldurrez beterik uzten dituenak.
Maiz, abusua familian bertan ematen den gertakaria da, umearen guraso edota lotura afektiboa duten pertsonen eskutik. Horrek, familiako indarkeria mota zehatz bat bilakatzen du, tratu txar fisiko edo piskologikoa bezalako beste eraso batzuekin batera eman daitekeena. Ohiko den legez, etxeko pribatutasunean gertatzeak edo gertuko pertsona batengatik gauzatua izateak, biktimak bere burua errudun egiteko mekanismoak martxan jartzeak, sexualitatearen inguruko gizarte tabuak eta kasu batzuetan mehatxuak, abusu sexualen kasuak eraginkortasunez ezkutatzera laguntzen duten aldagaietariko batzuk dira (Rodríguez, 2006).
Horiek horrela, haurtzaroan abusu sexualen biktima izan direnen ehuneko handi batek bizimodu heldu estigmatizatua darama, eta arazo ugari izan ohi du. Horra hor, depresioa, antsietatea, buru-estimu txikia, elikadura arazoak, menpetasuna, isolamendua, bazterketa, erasotzailearen sexu bereko pertsonenganako gorrotoa... Biktima horien %58, gainera, euren buruaz beste egiten saiatzen da –FOROGAM-ek (Haurtzaroan Abusu Sexualak Jasan Dituztenentzako Laguntza Taldeen Foroak) eskainitako datuen arabera-. Horrez gain, eraso horiek jasan dituzten pertsonek helduaroan ere euren bikotekidearen edo beste batzuen abusuak jasateko aurrejoera dute, esplotazio sexualaren objektu izateko arrisku eta sexualitatearekin zerikusia daukaten arazoak izateko aurrejoera; esate baterako, lasaitzeko zailtasunak, anorgasmia edo promiskuitatea.
Garai batean, abusu sexualak beheko gizarte-mailetan, baztertuetan edo desegituratuetan baino ez zirela gertatzen uste zuten. Gaur arte egindako azterketa guztiek, ordea, horrela gertatzen ez dela egiaztatu dute. Abusu sexuala edozein maila soziokulturaletan jazotzen da, eta, uste ez bezala, familia-giroan bertan gertatzen dira gehienetan. Hori dela eta, askoz zailagoa da arazoa tratatzea eta abusuak jasaten direla onartzea. Izan ere, ezagutaraztea erabakitzeak, familia-ingurune osoari aurre egitea suposatzen du, eta, gehienetan familiako kide direnok, lagundu eta ulertu beharrean, biktimaren etsai nagusiak bilakatzen dira.
Copyright © 2010 - 2012 GARAITZA - Haurtzaroko Gehiegikeri eta Tratu Txarren Tratamendurako Elkartea